.

.

jueves, 16 de abril de 2015

BAINA ZERGATIK BEHAR DIRA IRAKASLE IKERTZAILEAK?

Denboraren poderioz, gizarteak hainbat aldaketa jasan ditu: komunikatzeko eta erlazionatzeko modua, eta aurrerakuntza berrien garapena adibidez. Hezkuntza sistemak behar guzti horiei erantzun eta aurre egin behar die. Hau da, gure gizartera egokitzen egon beharko luke etengabe. Baina kasu gehienetan ez da hala gertatzen. Horregatik, hezkuntza sistemaren egoera zaharkituta dagoela esango genuke; izan ere, ez da ikasleen gaur egungo beharretara egokitzen. Beraz, hezkuntza etengabe aldatzen ari den heinean, irakasleek ere etengabe egon behar dute beren gaitasunak garatzen; prozesua amaigabea da.

Irakaslea ez da bakarrik irakatsi beharreko materian zentratu behar. Izan ere, rol desberdinak hartzea ezinbestekoa du: hezitzailea, pedagogoa, kudeatzailea eta ikertzailea izan behar du, besteak beste.

Guk indarra emango diogu azken horri. Ikertzailea den irakaslea garatzea da gure helburua. Horretarako, praktika-gogoetatsua egitea ezinbestekoa da, etengabeko hausnarketa eskatzen duena.

Praktika-gogoetatsua klasearen, hau da, praktikaren azterketarekin hasten da. Horrekin batera, irakasleak praktika horretan suertatzen diren erronkak edo arazoak detektatu behar ditu. Gero, arazoak aztertu eta horiei aurre egiteko edo hobetzeko erabaki bat hartuz.

Arazoak detektatzea ez da lan zaila. Zailtasuna arazo horiei konponbide bat eman behar zaienean dator. Azken finean, hezkuntza kalitatea hobetzea izango da gure helburua. Hori prozesu luze baten emaitza ideala izango da.


Laburbilduz, irakasle ikertzaileak etengabeko hausnarketa bermatu behar du ikasleen gaitasunak hobetze aldera eta hauek konpetentzia desberdinak garatu dezaten. Horrek guztiak hezkuntza kalitatea hobetzera eramango gaitu, gure hezkuntza sistemak behar du eta. Beraz, guk irakasleok egiten ez badugu, nork egingo du?

No hay comentarios:

Publicar un comentario